mercredi 3 février 2010

Sexua, biziaren mamia…

Hatsarrean “larrüa joiteko” gogo handiareki, plazerra iratzarten da, gure kabale izatearen behar arkaiko horren asetze nahian.

Bata bestearen kontre, alkarri lotürik, hatsanpetürik, izerdia gora, oro bero… Eta hona, non, bata besteari lotürik, gorderik diren güne sekretüen arteko jünta egiten den. Plazer barnakor eta azkar bat üllantzen den bezala, korpitzak ikaran, osoki alkartürik, koït bikoiztüa horra da! Zer gaüza! Zer trenpüsartze ona! Irustarzünez betatzen gitaü… eta ber denboran, ixtoria handi bat hasten da!

Ziuntan abiatürik, zoingehiagoka ülün eta hilkor bat hasten da:
- Ni nizateke, ni,
- Ez, ez, ni bai!
- Eeeh, pusa zitee, leküa ütz, eni da orai!
- Baztert-hadi, bürü handi!
- Eta hik, leküa hüts ezak, eta bakea-emak !

Gure hodi beltz hontako lasterkak eta bürühausteak ezin trenkatüz!
Eta, kolpez, denak üküratzen dira… Han, zokoan, animaleko eki bero eta dirdiratsü bat agertzen da… Bena norbait sartü ziozü bere baitan. Denbora, espazioa, ürrentürik bezala dira. Akabo. Bortak zerratzen dira, bazterrak oro ülünpean arra sartzen dira.
Meiosia eta gero Mitosia-ri esker biderkatze frenetiko batetan sartzen da erran delako ülünpeko eki hura. “Loditzen-loditzen, hasten da loditzen, ttipia izanik hanitx hazten ziküzü…”

Egünak iragan, asteak iragan, ekia aspalditik desagertü da izaki drole baten itxüraren hartzeko… Likido hazle batetan sartürik, solido üdüri düan zeko zer hura handitzen eta hasten jarraikitzen dü.

Asteak iragan, hilabeteak iragan. Berarentako den espazioa zabaltzen da. Beste mündüari azkarki etxekirik egoiten da, ARIANEren hari bat balitz bezala, ez da edo ez dü süstut galdü behar edo desagertzea ützi behar!

Gure barneko ezezagün hori loditzen den ber, bazterrak tinkatzen zeitzo. Leküa apürtzen ziozü eta tinkatürik bezala sentitzen da. Üdüri dü hortik ezkapi beharko dela… Behar ere, erran delako hari hori beti hor dü, oraiko biziarentako beharrezkoa, eta biharko etorkizünezko bide berri eramaile bat balimba…

Hilabeteak iragan, eta goiz batez, bazterrak oro larrü-ikara batetan sartzen dira, üngürüko indar gordetü elibat pusaka eta pusaka hasten dira!
Denbora eta espazioa desoreka lotsagarri batetan nahasten eta botitzen dira. Ürrüneko hats azkar bat ezagün da, joanago eta bortitzago dena! Bazter güzietako indarrak pusaka eta pusaka jarraikitzen dire! Ezin üküratüz!

Azkenean, kanpotik jinik, argi itxüragarri batek lagüntürik, babes estalgia ürratürik, barneko hatsa sütan, oihü batetan elkitzen da: ñiñia!
Bizia!

Zer gaüza!

Natüraren miraküilüa!

Sexutik jinik, sexutik elkirik! Sexua, biziaren mamia!

Allande Errezarret
Bloga Bloga, 2010eko barantailaren 2a

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire