mercredi 2 décembre 2009

XIBEROAko Olentzero-ren egiazko bizia...

Gaü hon oroer...

Gaurko geia dizügü egüberri, egüberri egünean opariak banatürik direla eta, nola ez aipa oroek ezagützen dügün « papanoel » delakoa... Papanoel edo aitanoel, delako gizon bizardün eta gorri hura ?!?
Eüskal Herri hontan badügü ata beste ezagün bat, OLENTZERO deitzen dügüna... Adesa ikusi dügü « papanoel »ekin ez zirela biak izigarri ontsa preziatzen. Bena nor da Olentzero? Nontik horra ziküzü? Nola eta zertaz bizi ote da?!? Horik oroen ezagützea proposatzen deizüet orai: ordüan, zerra itzazie begiak, eta zabalt beharriak....
Hona, züentako, esklüsibitatean, gaurko Xiiberoko Botzako BLOGA BLOGA emankizünean: OLENTZERO xiberotarraren EGIAZKO BIZIA!


XIBEROAko Olentzero-ren egiazko bizia...


Abendüa, urte ondarra, egün llabürrenen hil-abetea, gaü eta egünen güdükaren jakilegoa... Bersortzearen eta egünen lüzatzearen ospatzeko tenorea...
OLENTZERO, hor dügüla! Gure bortü oihandünen jakintsüna. Urtean behin, pettarrealat iraisten dena, beharretan düen haurren eta gehitüen lagüntzea.

OLENTZERO, Santagrazi herriaren aldegainean den Ützipia olhan bizi da. Bere aita, LESAKAko inkatz egile bat ümen züzün. Bere ama aldiz, Maulen espartintegi batetan lan egiten züan, OTSAGItarsa delako « aiñera » bat züzün. Eta egün batez, üdako pausüaldi bat züala, OTSAGIako azkazien ikustera baliatü zizün, ontsa ezagützen züan bideari jarraikitzez, kakuetako arroilen aldegañian den URDAIBIko lepoalat heltü züzün. Bena, denbora gaxtotzen hasi ziozün, hodei lodi elibat agertü zütützün eta bazterrak oro lanape erori zütützün. Bere bidea ezin atzamanez, pürki galdü züzün gure aiñera gaxoa... Nigarrez, eta gero oihüka hasi züzün deika! Hantik hürrün ez zen gure LESAKAko inkatz egileak oihüak entzün, eta üllantü ziozün.
Han, Lakurde tiniaren maxelan, lehentze alkartü züen gure gizona eta emaztea. IHIZKUNDIZEko olhaltean arrestiri apala igan züzüen. Ebia, aizea, üngülü glaskak hasi zeitzeien, ordüan gaüa han igan eta bizi güzikotz lotü züen algarri.
Geroztik, haur bat sortü zen, OLENTZERO izenekoa. Haur güziak bezala, eskolalat joan züzün, xiberotarra ere ikasi zizün. Bere aitaren ofizioari jarraikitzez, oihanean bizi eta lan egiten zizün. Urteak jin, urteak joan, oihan eta bortü günetako basa kabale eta landareen jakinzale, bai eta ere üngüramenaren aberastarzünaren zaintzale handia bilakatü zen gure OLENTZERO. ORHI eta AHUñEn arteko bazterrak gogoz ezagützen zititzün: olhalteak, artzainak eta beren ohidürak, botxü eta oihan eremüak oro, hartzen karbeak, eta llaminen gordagüak ere... Agitzen ziozün üsü, llaminetaz edo Gentil-etaz amets egitea. Santagrazi eta Larraiñeko artzainek ixtoria franko kontatzen beitzioien ordü hetan, mitologiazko bizizale horietzaz...

Sinpleki bizi züan OLENTZERO, bena adixkide hanitx bazititzün eta baten edo besten lagüngoari esker, peko mündüari ontsa lotürik jarraikitzen zizün. Pettarreko eta hirigünetako jenteen begistazale zorrotz eta kritiko züzün bai, gure OLENTZERO!
Bizi moderno hortaz mesfidatzen züzün azkarki. Bena ber denboran, jenten egünoroztako arrenküren ontsa entelegatzeko gogoa zizün. Eta ohartzen züzün bai, joanago eta gaitzago zela bizitze hura! Hanitxek jatekorik ere ez beitzüen ukeiten ahal, haurrak gosearekin egoiten, süstut negüa horra zelarik...
Ordüan, erabaki zizün, urtean behin, abendü ondarrean, pealat bürüz joaitea, beharrünetan düen haurren lagüntzeko eta boztario edo berotarzün amiñi baten ekarteko. Bere astoarekin, inkatz karga bat eramaiten zizün pettarealat bürüz. Esperantzaz beterik zütützün beti bere bisitak!
Egün zonbeit pettarrean igaiten zititzün inkatz eta kantore emaiten, ahal bezain jente kürütxatzez eta lagüntzez. Gero, arra petigoa abiatzen züzün, negüko bakotxaren bizitzea. Bena bere bihotza berotürik eta bere ezpiritüa harrotürik zütützün! Beitzakian ere negüko solstizioa zela, eta urte ondar hontarik aitzina egünak lüzatzen züela, berriz ere.

Bedatse erditsü batez, egürkan ari zelarik, bekanika lotsagarri elibaten erotsak entzün zititzün. Tresna horik igorten zütüen sürik gabeko ke ülün eta lodi tzar horren gatik zelüa osoki belzten hasi züzün. Santagraziko HARRITSARTEko ORDOKItik petigora horra zütützün. Zühañak urtukitzez, botsüak zapartaraztez, bide berri baten egiten hasi zütützün goiti bürüz.
Bena kolpe batez, zelüa osoki belztü züan, aizea altxatü zen, ortzantz animal bat bortüan gibeletik igorri zizün, iñaziak zaflaka urtuki zütüan eta ebia eraits ahala erori züzün.
Gure OLENTZERO, Ützipia olhalat lasterka ezkapi ziküzün axolberalat!
Ordüan, lürra oro higitzen hasi züzün, burrumba handi batetan lürpea erdiaratü zen eta lurte animal bat agitü, Ützipiaren olhalte eta oihanak osoki eramaitez!

OLENTZERO, betikotz desagertü züzün. Gertakaria Xibero osoan hedatü züzün.
Geroztik, Ikastola-ko aitetamek lagündürik, OLENTZEROren bestaren ospatzen hasi zen, bere omenez. Xiberoako haurrak eta gehitüak OLENTZEROren bizia eta bihotz hona ez dezen ahatz, sekülan.

Allande Errezarret
2009ko abendüaren 1a

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire