mercredi 6 janvier 2010

Gure janaria, gure klimaren etorkizünari lotürik...

Urte ondarreko bestak iraganik, apaidü animal edo janketa gaitz elibat eginik, gure gibelak zankaraz gora emanik, horra gitzaizüe janarien eta jateko maneren aipatzera.

Gure azitan dütügün janari oroek ba dire zerbait ikusteko jasaiten hasi giren klima aldakuntzan... Ez naüzüe sinesten? Ordüan beha, eta ikus ezazüe nolaz eta zertako!

Gure aktibitate desbardinen gatik mündü osoko klima arrunt kanbiatzen edo aldatzen ari da. KOPENHAGUE-eko gailürrak ez badeigü esperantxa handirik eman, guri da egünoroztako egingeietan kasü emaitea. Eta lehen ürratsetarik bat gure janariari kasü emaitea da. Zeren janaria, emititzen dütügün beroketa edo Negü Efekto Gasen (NEG) %30aren ütürri da! Bai ontsa entzün düzüe, gasen heren baten ütürri (otoen ke tzarren beroketa efektoa beno 3 aldiz haboro!)...

Gure azitan heltü beno lehen, mozkin edo janari batek 5 pa 6 etapa nausi jasanen dütü. Etapa bakotxak, klimaren aldakuntzan ondoramenak eraginen dütüen Negü edo Beroketa Gasak aidealat igorriko dütü:
Prodüzitzea: laborantxaren gain dena. Laborantxa iraunkorrago izan eta hobe üngüramena eta klimaren babesarentako. Laborantxa, Beroketa Gasen %20aren sorküa da! Jakitez laborantxa biologikoak düala ondaramen apalena (ez dea hala TOMAS?!?).
Transformatzea edo « bestelakatzea »: agro-indüstriaren eskü dena. Bena laborariek geroago eta haboro indibidüalki edo kolektiboki egiten düena ere (ikus IDOKI desmartxa, AZKORRIA gaznakagia...). Etapa hortan dira apainketa eta estalgiak egiten (ondartegialat urtukitzen dütügün estalgien bi herenak hortik horra dira!).
Kontserbatzea: fresküan etxekitzeak edo karruntatürik etxekitzeak dü energia haboroenik kontsümitüko eta beroketa gas haboroenik aidealat igorriko.
Karreatzea: prodüzitze eta saltze günearen artean. Etapa hortan da eragin edo ondoramen handienetarik bat klimaren desorekatzean.
Etxeratzea: komisioneka joaiten girelarik, ürrünago joan eta kalte handiagoa dateke. Hoberena delarik oinez edo pirripitaz joaitea edo, zertako ez, gure aüzoarekin batean joaitea (« co-voiturage » delakoa egitez).
Kozinatzea, bai eta ere etxen kontserbaraztea: hortan da ere energia erabilten (gas eta elektrizitate). Jakitez egürrarekilan kozinatzea dela hoberena (gure amañik edo axamak egiten züan bezala!).

Janari oroek ez düe ber influenzia edo ber eragina ükenen prefosta. Janariaren prodüzitze manera, edo eginen düan distantziaren araberan ez lüke batere ber pezüa...

BELGIKAn bizi den gizon batek, düala zonbeit hilabete gertakari berezi honen berri eman dü Internet-en bidez: urde haragi xehekatüa erosten dizü supermerkatü batetan. Etxerat sartzen da, etiketari so egiten dü, eta hor zer sorpresa! Urde umea KANADAn sortü da, AUSTRALIAn gizentü, BELGIKAn hil eta BELGIKAko beste güne batetan xehekatürik izan da... 6,5 €uro Kilokal prezioareki! Urde haragi xehekatüak 35 000 Km egin dütü güti gora behera! Xiberoako urde bat BARKOXEn hazirik, gero MAULEko hiltegian hilik eta ebakitürik, züen etxerat eraman beno lehen, 35 Km baizik ez dütüke egin beharrik... Erran nahi beit da 1000 aldiz kilometro gütiago. Xiberoako urde hazleek badüküe etorkizün handi bat, perdiu!

Azken 30 urte horietan kantitate mailan ez badügü haboro kontsümitzen ere, garraio edo karreatzeak joanago eta lüzeagoak (edo handiagoak) dira. Kamiuen zenbakia eta karreatzea lau aldiz emendatürik izan da Europa mailan. Ber emendioa da itsasuntziz edo hegazkinaz karreatürik diren janariekilan... Bena kasü, karreatze manera desbardinek ez düe ber ondoramena ükenen Negü Efekto edo Beroketa Gasen igorte mailan, eta bortxaz klima kanbiamenaren mailan. Hala nola, gas gütienik igorten düana itsasuntzia da, gero treina, gero kamioa (15 aldiz haboro), eta azkenik hegazkina (50 aldiz haboro!).
Hürrünagotik jin eta ondoramen haboro ükenen dü gure janariak...

Ordüan, emaiten ahal den aholkürik hoberena düzü leküko mozkinen haütatzea edo leküan berean eginik diren mozkiner lehentarzünaren emaitea. Ikus AMAP-ak, xiberoako baratzezainak (azken urte horietan edo iragan urtean plantatü direnak), eta beste xiberoako laborariak eta mozkin egileak (ikus IRURIn zabaltü berri den IDOKI-ren saltegi edo magasia).
Eüskal Herriko laborantxa iraunkor eta laborantxa biologikoak badüe etorkizün handia, bai klima eta nolaz ez üngüramenaren babesarentako, bai eta ere kontsümizaleen osagarri honaren etxekitzeko...

Allande Errezarret
2010eko urtarrilaren 3a

Ürrünago joaiteko:
http://www.rac-f.org/rubrique.php3?id_rubrique=387 ("Réseau Action-Climat")
http://www.solagro.org/site/215.html (SOLAGRO alkartearen webgünea)
http://www.bizimugi.org/ (BIZI kolektiboaren webgünea)



Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire